Ezer baino lehen, zalantzarik baduzu edo nominari buruzko alderdiren bat hobeto ulertu nahi baduzu, galdetu giza baliabide departamentuari.
Nomina enpresa bateko langileei denboraldi jakin batean egindako ordainketak eta kenkariak zehazten dituen dokumentua da.
Nomina baten elementu ohikoenak honako hauek dira:
1) Enpresaren datuak: Enpresaren izena edo izen soziala, identifikazio fiskaleko kodea (IFK), helbidea eta enpresaren beste identifikazio-datu batzuk.
2) Langilearen datuak: Izen osoa, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ), Gizarte Segurantzako zenbakia, lanbide-kategoria, antzinatasuna, alta-data eta beste edozein informazio pertsonal garrantzitsu.
3) Likidazio-aldia: Nominan aipatzen den ordainketa-aldiari dagokion data-tartea adierazten da.
4) Sortzapenak: Diru-sarrera gordinak dira (oinarrizko soldata, aparteko orduak, soldata-osagarriak, etab.). Gure nominan, Metalaren Hitzarmenean zehazten den banaketaren arabera, Hitzarmeneko Soldata sortzapenen batura da (oinarrizko soldata, hitzarmeneko plusa, prima, osagarri pertsonala…). Hileko soldata gordina izango litzateke, beste osagarri batzuk gehituta, hala nola antzinatasuna, aparteko orduak eta abar. Horren baturak Sortzapenak Guztira atala osatzen du.
5) Kenkariak: Langilearen diru-sarrera gordinetatik diru-sarrera garbia zehazteko kentzen diren zenbatekoak dira (Gizarte Segurantza, PFEZ, etab.).
6) Likidazioari buruzko informazioa: Kontzeptu espezifikoen, kotizazio-oinarrien, aplikatutako kotizazio-ehunekoen eta dagozkien zenbatekoen xehetasunak erakusten dira.
7) Jaso beharreko zenbateko likidoa: Langileak bere banku-kontuan jasoko duen azken zenbatekoa da.
Garrantzitsua da kontuan hartzea langabeziaren kenkaria aldatu egiten dela kontratu motaren arabera (mugagabea edo aldi baterakoa), eta kotizazio-oinarria hilabete batetik bestera alda daitekeela aparteko orduen arabera, etab. Gainera, PFEZ pertsona bakoitzaren egoera pertsonalaren arabera aldatzen da (seme-alaba kopurua, soldata gordina, etab.).
|